viernes, 16 de noviembre de 2007

Loveless-en jarraipena 15 urte beranduago


Talde irlandar ospetsua dugu My bloody valentine, urteetan zehar "kulto" estatusa hartzen joan dena. 1984. urtean sortu zirenetik, bi maisu-lan utzi dizkigute: "isn't anything" (1988) eta "loveless" (1991).

1992. urtean, Creation records utzi eta Island records-ekin kontratua sinatzearekin batera, taldeak sekulako arazoak izan zituen kantu berriak sortzeko orduan; kritika aldetik "loveless"-en arrakasta hain handia izanik, diska berriarekin euren maila propioa gainditzea ezinezkoa egin zitzaien. Azkenean, taldearen buru zen Kevin Shields-en perfekzionismo amorratuaren ondorioz dena bertan geratu zela esan daiteke, hainbat grabazio saiakerek disketxea dirurik gabe utzi zutelako. Debbie Googe baxujoleak taldea utzi zuen orduan, baita Colm O'Ciosoig-ek bateria ere.

Azkenaldi hontan, 15 urte beranduago, albiste dira Dublingo 4 lagunak berriz ere, diska hura %75-ean egina dagoela adierazi baitute orain dela egun batzuk. Datorren urterako diska bukatuta egongo dela iragarri dute, eta horrekin batera taldearen elkartzea.

Pozez gainezka egon beharko nintzatekeela suposatzen da, baina egia esan beldur handia ematen dit kontu guzti honek. Dezepzioa jasotzeak pena handia emango lidake, horrekin batera taldearen inguruko "magia" guztia galduko bailitzateke seguruenik. Bestalde, esperimentua ongi ateratzekotan, taldea zuzenean ikustea mundiala izan liteke...

Denborak esango digu.


No hay comentarios:

 
Creative Commons License
Esta obra está bajo una licencia de Creative Commons.